(H)ilbeltzazale, arratsalde on.
Argazkian ikusiko duzun bezala, hementxe gaituzu hamabigarren (H)ilbeltzarako prest. 2026ko ilbeltzaren 19an hasi eta 25ean akituko da, apuntatu agendan!
Gure eskema klasikoarekin segituko dugu eta astelehen, asteazken eta asteburua beteko ditugu ekitaldiekin. Nobela beltz edo belztasunarekin harremana duen literatura dexente izan da aurten eta guk horren lagina ekarriko dugu:
19an, astelehenean, Guillem liburuaren kontu arituko gara Amaia Apalauza itzultzailearekin, 21ean, asteazkenean, Ernesto Praten Muga hautsien hegalak nobela berriaz eta larunbatean Amorante frantsesa (Miren Agur Meabe), Haize beltza (Amaiur Epher), Azpijokoa Azpiazun (Iñaki Dorronsoro) aurkeztuko ditugu.
Liburuez gain zinema, mahai-ingurua, susmagarrien gaua, itzuli beltza eta antzerkia izanen dugu, baina horri buruzko informazioa aitzinago jakinen duzue.
Oraintxe inportanteena datak apuntatzea eta bazkarirako txartela lortzea duzue. Eskatu helbide honetarat eskribituz: ilbeltzabaztanen@gmail.com
